Erabiltzaileak

ADIMEN DESGAITASUNA

Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Erakundeen Espainiako Konfederazioko (Plena Inclusión) kide den aldetik, ULIAZPIk bere egiten du Adimen Desgaitasuna (AD) terminoa, eta halaber, AAIDDk (Adimen Desgaitasunaren eta Garapenaren Amerikako Elkartea) Adimen Desgaitasunari buruz 2021ean eman zuen definizioa:

“Adimen desgaitasunak esan nahi du muga nabarmenak izatea adimenaren funtzionamenduan eta egokitze-trebetasunetan; muga horiek agerian geratzen dira trebetasun kontzeptual, sozial eta praktikoen kasuan. Desgaitasuna 22 urte bete baino lehen agertzen da”

AAIDD (American Association on Intellectual and Developmental Disabilities) erakundearen ikuspegia eredu teoriko, alderdi askokoa eta ekologikoa da; eta pertsona nahiz ingurunearen hainbat alderdi hartzen dituen 5 dimentsio proposatzen ditu (gaitasun intelektualak, egokitze-trebetasunak, parte-hartzea eta gizarte rolak, osasuna eta testuingurua) nor bere kabuz baliatzea ahalbidetuko duten laguntzak hobetzeko.

ADren ebaluazio-prozesuan hiru funtzio desberdin daude: diagnosia (hautagarritasuna zehazten du, baldin adimen-desgaitasunik badago), sailkapena (indar-guneak eta mugak identifikatzen ditu) eta laguntzen planifikazioa (pertsonaren funtzionamendua hobetzeko beharrezkoak diren laguntzen intentsitatea eta motak identifikatzen ditu).

ERABILTZAILEEN EZAUGARRIAK

Adimen eta Garapen arloko Desgaitasuna (AGD) eta Laguntza Premia garrantzitsuak dituzten 400 pertsona artatzen ditu (hala adin txikikoak, nola, nagusiki, helduak) Uliazpik. Denek adimen-desgaitasuna dute, baina horrekin loturiko beste nahasmendu edo desgaitasun batzuk ere izan ditzakete: autismoaren espektroko nahasmenduak, desgaitasun fisikoak, desgaitasun sentsorialak, jokabide problematikoak...

BIZI-KALITATEA

ULIAZPIK bere egiten du Robert Schalock eta Verdugok (Adimen Atzerapenaren Amerikako Elkartea) proposatutako bizi-kalitatea kontzeptua:
 
“Bakoitzaren bizitzaren dimentsioen muina osatzen duten 8 oinarrizko premien ildotik pertsona batek desio dituen bizi-baldintzak islatzen dituen kontzeptua da bizi-kalitatea; aipatu premia horiek hauek dira: ongizate emozionala, pertsonarteko harremanak, ongizate materiala, garapen pertsonala, ongizate fisikoa, autodeterminazioa, gizartean txertatzea eta eskubideak”.
 
Pertsona bakoitzari egokitutako Plangintzaren ikuspegitik garatzen ditu ULIAZPIK dimentsio horiek guztiak, eta horretarako beharrezkoak diren laguntzak eskaintzen ditu; horrela pertsona bakoitzarentzat emaitza handi eta garrantzitsuenak lortu nahi dira.